
Inmersiones 2008. Argazkia: Ana Nieto.
“Inmersiones”ek sei urte egin ditu 2013an. Sei urte, eta sei deialdi. Sei artista biltzar. Txostenen sei erakusketa. Eta sei aurrekontu. Aurrekontu horien eta horiek finantzatzeko diru-laguntzen sei justifikazio. Bai, sei txosten ekonomiko.
Dirurik gabe, ezinezkoa izango zen sei “Inmersiones” hauek martxan jartzea. Eta jatorrian zegoen “diru faktorea”k eta horren zenbatekoak nabarmen zikindu du “Inmersiones”en filosofia, garapena, baita antolakuntza ere. Baita landutako gaiak ere.
Diruak, edo horren faltak, noski, edozein kultura edo arte jardueraren garapenean eragiten du. Egia da aurrekontu txikiarekin asko egin daitekeela, goma bat bailitzan luzatuz, irudimenatik tira eginez, gastuei lupaz begiratuz, lagunei mesedeak eskatuz…, baina behar minimoetatik behera mugitzen zarenean, jarduerak kili-kolatzen dira. Mirariak ez dira existitzen. Arrainen ugalketak bere muga dauka, batez ere ikusizko arteen arlotik datozen jarduerez ari garenean, eszenako eta musikaren arteen arlorako beti baitago finantzatzearren jendeari sarrera kobratzea, baina nork utziko du egun sosa bat ere artista hasiberrien produkzio bat ikusteko? Existitzen da museo handi bateko ateetan barrura sartzeko behar diren euroak jarriko dituen ikusle multzo bat, baina ez, ordea, artista ezezagunek egindako formatu txikiko jarduera bat ikusteko.
“Inmersiones”en kasuan, modu batean edo bestean urte hauetako guztietako sei deialdiak martxan jartzen aritu direnek soilik dakite zein zaila den horrelako jarduera baterako finantzaketa lortzen: ez du “amu mediatikorik”, jende oldeentzat erakarmenik ez, eta ikusgarritasunari ihes. Labur esateko, kultura baita.
«Zein da egungo egoeraren arrisku handia? Ezjakintasuna. Ezjakintasuna, miseria baino gehiago […] Eta ataka honetan, honelako arriskuan, inorantzia jazarri, borrokatu, suntsitzea helburu duten instituzio hauek guztiak erasotu, irendu, hondatu nahi dituzte!» Hitz horiek gaurkotasun handikoak direla dirudien arren, hamabi dozena urtetik gora pasa dira jada esanak izan zirenetik. 1848an, nork eta Victor Hugok. Non eta Frantziaren Batzar Konstituziogilean, “Les miserables”en egileak kultura aurrekontuetan egindako murrizketak erasotzeko hitzaldi bat haizatu zuen. «Nabarmendu nahi dut, jaunak, zientzia, letra eta arteei buruzko aurrekontu berezirako proposatu diren murrizketak gaiztoak direla. Finantza arlotik ikusita hutsalak izanik ere, kaltegarriak dira gainontzeko ikuspuntu guztietatik. Hutsalak dira finantza arlotik ikusita. Hori hain agerikoa da non ia ez naizen ausartu ere egiten egin dudan kalkulu proportzionalaren emaitza batzar honi erakusten […] Zer pentsa, jaunak, urliari buruz, zeinak 1.500 frankoko diru-sarrerak edukita bere adimenaren garapenari urtean zenbateko oso txiki bat dedikatuko balio, zer eta 5 franko, eta erreforma egun batean, bere adimenaren lepotik sei xentimo aurreztu nahiko balitu?», hala azaldu zien Hugok Frantziako ministroei. Esaldi borobil batez bukatu zuen: «Akats negargarri batean erori zarete. Dirua aurreztuko zenutelakoan, lorian aurreztu duzue.»
“Inmersiones”en 2007an egin zen lehenengo aldiz. Urte horretan hasi zen egun estutzen gaituen krisi ekonomikoa. Murrizketen urtea izan zen kultura, hezkuntza eta osasunari dagokion guztian. Urte horretan, ezustean, kultura diputatu batek, noiz eta ekainean, Gasteizen bizi ziren artista batzuk bilkura batera deitu zituen ikusizko arteen arloan zein kultura politika nahiko luketen galdetzeko. Benetan ari zela zirudien gainera, jukutria politikoa bat ez zela. Handik gutxira, artista horiek eta gehitzen joan ziren beste batzuk diputatu horrekin bildu ziren “batzar irekian”. Bilkura horren, eztabaida luze, bizi eta partehartzaile baten amaieran, artista taldea probintziako hiru aretoak kudeatzeko egitasmo bat ontzeko konpromisoa hartu zuen: Amárica Aretoa, Artxibo Probintziala eta Kultura Etxearen aretoa. Amárica Aretoaren programazioa mantentzea kostatzen zen aurrekontu, diru berdina baliatuz, artista talde horrek hiru espazio kudeatzeko konpromisoa hartu zuen. Foru Aldundiak espazio hori bost urte lehenago itxi zuen, Artium Museoak ateak irekitzean, Foru Aldundiak ez baitzion zentzurik ikusi areto hori funtzionatzen mantentzeari. Kudeaketarako sistema “batzar irekia” izango zen, alegia, kulturari buruz interesatutako edozein artista edo pertsona integratu ahal izango zen talde horretan eta, hartara, Aldundiaren kultura politikako ikusizko arteen gai garrantzitsuan parte hartu. Bi alderdiak (Foru Aldundiaren Kultura Sailak eta artisten talde irekiak) bat zetozen: soilik kudeatzeko gaitasuna dutenean parte hartzen dute herritarrek arlo publikoan. Parte hartzea ez da iritzia ematea, bilkuran esan zenez. Parte hartzea kudeatzea da, izan zen ateratako ondorioa.
Aldiz, Aldundiaren enkarguz eta 2008ko uda betean, talde horrek Amarika Egitasmoa prestatzen zuen bitartean (egitasmo luzea, “bide orri” bat, hiru aretoak kudeatzeko modua, antolatzeko modua eta Foru Aldundiaren Kultura Sailarekin erlazionatzeko modua zehaztuz), artista talde hori beste egitasmo txiki bat ari zen umotzen aldi berean: “Inmersiones”. Zergatik? Amarika Egitasmoa behar bezala prestatzeak luze joko zuen. Taldean idazten ari ginen, bilkuraz bilkura, biltzarrez biltzar, eta hainbat eragileren iritzia jasotzen. Nola eta horrela jarri zen martxan, paradoxikoki, “Inmersiones”, Amarika Egitasmoa baino lehen, beharrezkoa baitzen erakusketa aretoak edukiz hornitzen hastea.
Hala bazen ez bazen, lehenengo “Inmersiones” horren kostua ez zuen Amarika Egitasmoak ordaindu. Nondik atera zen orduan lehenengo “Inmersiones” horretarako finantzaketa? Beste partida ekonomiko batetik: Arabako Foru Aldundiko talde politiko batzuek arte lehiaketa arrunt bat jarri nahi zuten martxan. Vital Kutxak “Certamen de Arte Alavés” zaharra deitzeari utzi zion eta Aldundiari iruditu zitzaion lehiaketa horren antzeko zerbait antolatzea ona izango zela, Vital Kutxak hutsune bat utzi baitzuen lehiaketa hori bertan behera utzita. Eta ikusita behe prezioan gauzak egiteko animatuta dagoen artista talde bat dagoela, zergatik ez esleitu haiei lehiaketaren antolakuntza?
Bada, hartara, pintura eta eskultura lehiaketa ortodoxo baten aurrekontuaz, gero “Inmersiones” izena jarriko genion zerbait jarri zen martxan. Aldiz, asteak joan ahala, “lehiaketa” formatua itxuraldatzen joan zen. “Inmersiones” egitasmoa itxuratu, aurreratu, zehaztu ahala, ohiko lehiaketa baten itxura gero eta gutxiago zeukan. Era horretan, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko lehenengo oinarriak prestatu genituen. Hara, lehenengo “Inmersiones” hori lehiaketa publiko bat zen azken finean eta, haren bidez, artista sorta bat izango zen aukeratua (eta saritua).
Lehiaketa publikoei buruzko foru araudiak eta “Inmersiones”en formatua bateragarri egitea ez zen batere erraza izan. Aldundiarekin hainbat bilera izan eta gero, “Inmersiones” egitasmoaren makina bat zirriborro eta gero, egunak eta asteak pasa ahala, Foru Aldundiak espero ez zuen errealitate batekin egin zuen topo: Amárica Aretoan artisten biltzar bat egin behar genuen, txozna bat jarri, itxieran musika kontzertu bat egin, herri bazkari bat, artisten txostenen erakusketa bat, besteak beste.
Foru Aldundiari iruditu zitzaion lehiaketak pixka bat eskuetatik alde egin ziola, eta ez zela haiek nahi zutena, baina heldu zen abendua eta lehiaketarako partida ekonomikoa gauzatu beharra zegoen. Egia da egitasmo horretan guztian, kultura diputatu eta zuzendariaren konplizitatea izan genuela eta, horregatik, errealitate egin ahal izan zela. Bada, azkenean lehenengo “Inmersiones” hura egin egin zen, eta ondo joan ere. Ondorioz, zeresana zuten alde guztiek urtez urte errepikatzea erabaki zuten.
2009an eta 2010an, tokatzen ziren “Inmersiones”ak egin genituen, ordurako “Amárica Egitasmoa”n sartuta eta Amárica Aretoa egoitzatzat hartuta. Eragile desberdinak aritu ziren komisario eta antolatzaile, “Inmersiones”eko lehenengo batzarrak erabaki baitzuen egiten zen aldi bakoitzean pertsona desberdin batek koordinatu behar zuela, aldi bakoitzean lemaren norabidea alda zedin. Hartara, egiten zen bakoitzean, “Inmersiones”ek kutsu, nortasun desberdin bat izango zuen. Ulertu genuen proiektu bateko koordinazioan errelebua egonez gero, proiektua bera aberastu, itxuraldatu, birrasmatu egingo zela, harrituko zuela… “Inmersiones”en aldi bakoitzean, bere sistema berrezarri egiten da. Komisario bakoitza ordenagailu beraren aurreko beste pertsona bat da. Pertsonalizatu egiten du, beste programa batzuk jaitsi, beste hobekuntza batzuk.
“Inmersiones”en bigarren edizioak, hautatutako artista gazteak Estatuko askotariko kultura espazioetan, arte zentroetan bultzatzeari heldu zion eta, aldi berean, Amarikako Batzarra bera ezagutzera emateari. “Inmersiones” hura kanpora emana izan zen.
“Inmersiones”en hirugarren urterako asmoa hausnarketarako topaketa bat izatea izan zen, kritika ariketa bat egitea, autokritika, bere formatuaren etorkizunari buruzko gogoeta.
Natura eta kultura “prokomuna”ren zati badira, guztiok hartu behar dugu horiek zaintzeko ardura. Ezin dugu konpromiso hori erakundeen edo enpresen eskuetan utzi. Parteka dezakegu, baina ez hari bizkarra eman. Gai horri heldu nahi izan zion laugarren “Inmersiones”ek, “Ekokultura (artea, natura, hiria)” goiburutzat hartuta. Aldiz, 2011ko edizio hori egosten ari ginela, Amarika Egitasmoa babestu zuen kultura diputatua desagertu egin zen politika jokoaren zirrikitu bihurrietan barrena. Amarikako Batzarraren barruak latz astindu zituen kolpea. Beste kolore politiko bateko diputatu berriak jendaurrean adierazi zuenez, Amarika egitasmoari eustea ez zen beharrezkoa. “Inmersiones” ez zuen Aldundiak sostengatuko. Dirurik ez dago. Egoitzarik ere ez. Aitzakia: krisi ahalguztiduna. Lan hori bere lantaldeak berak egin dezakeela, dio diputatuak.
Batzarrak inon diren kanpoko diru-laguntza guztiak eskatu zituen “Inmersiones” desager ez zedin. Azkenean, Eusko Jaurlaritzak proiektua diruz lagundu zuen. Aldundiak Amarica Aretoa laga zuen, baina euro bakar bat ere eman gabe. Bada, “Inmersiones” horren amaierak Amarika Egitasmoaren azkena ekarri zuen, alegia, Batzarrak aldundiaren erakusketa aretoak kudeatzeari utzi zion. Amarica Aretoa berriz itxi zen. Norbaitek spraya astindu eta “The end” handi bat idatzi zuen hango pareta batean.
Diputatu berriaren lantaldeak bi erakusketa besterik ez zituen antolatu 2012an espazio horretan. Aretoa bera ahanzturaren zidorretan galdu zen. Amarika egitasmoa ere, Kulturaren Euskal Behatokiak eredugarritzat joa, desagertu egin zen. Handik gutxira, Batzarrarenak ere egin zuen. Beste berriz ere, ezer ez zen gertatu. Batzarraz kanpoko tokiko kulturaren munduko inork ez zuen txintik esan.
Ildo beretik, interesgarria da La inutilidad de lo inútil irakurtzea, Nuccio Ordine filosofo eta literatura irakasleak idatzitako liburua. Ezinbesteko saiakera bat da (dagoeneko liburu-denda eta liburutegietan salgai): bertan, lozorroak jotako herriaren kontra egiten du. Herri horrek dirua hartzen du irizpide “erabilgarri” definitzeko.
Idazle horrek, halaber, berariaz inorantzia sustatzen duen klase politikoaren kontra egiten du, kapitalismo zakarrenaren transmisio soka bihurtu delakoan. Nuccio Ordine suminduak ezagutzaren, jakituriaren defentsa bati heltzen dio liburu horretan, eta dagoeneko gure DNAren zati bihurtu bide den ideien multzo materialista desmuntatzen du. “Jendeak uste du zoriona diruaren emaitza bat dela. Beren burua engainatzen dute!”, dio filosofoak, eta gaineratzen du: “24 urte daramatzat irakasle, eta ikasleak konbentzitu nahian ere diploma bat lortzera unibertsitatera ez dela etortzen, hobeak izaten saiatzera baizik, alegia, era autonomoan arrazoitzen ikastera”. Nuccio Ordinek, sakonean, ez dio ezer berririk. Jakituria eta kultura maite dugun pertsona gehienok uste duguna aldarrikatzen du, besterik ez.
2012an, “Pakean utzi arte” goiburuari helduz, eta 2013an, “Diruaren aurkakoak” goiburuari helduz, Eusko Jaurlaritzaren eta “Gauekoak” gau aisialdirako proiektuaren diruz finantzatu da “Inmersiones”. Egiaztatu ahal izan dugu orain errazagoa dela finantzaketa bilatzea, jarduerak funtzionatzen duela erakutsi baitu, sendotu egin da, toki bat aurkitu du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko kultura eragileek formatua ezagutzen dute. Gainera, eragozpenik gabe garatu daiteke erakundeenaz kanpoko espazioetan.
“Inmersiones”en interes nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko artista gazteen berri zabaltzen egindako lana. Espero dugu, nahi dugu jarduera honek luzaro irautea, eta horretarako modua emango duen aurrekontu duin bat izango duela ere.