Egun, “artea” eta “dirua” kontzeptuen aurrez prestatutako topaketa bi kontakizun izugarri konplexuren arteko talka da zalantzarik gabe. Topaketa horri heltzea eta talka hori argitzeko txostena prestatzea, errei (historiko, antropologiko, sozial) askotako autopista handi bateko erdibitzailean lepoa jokatzearen antzeko zerbait da; lepoa jokatzea da bide segurtasuneko kita erakunde edo akademia batek ere homologatuta ez dagoelako. Horrenbestez, modu bakar batean atera gaitezke onik egoera horretatik: espekulazio literarioaren txaleko islatzailea behar bezala jantzi eta, gainera, behar bezain iradokigarria den aipu multzo baten laguntza teknikoa lortzea.
Ondorengo idazkian, gure kitaren laguntzaz, proposamenen bide orri bat ezartzen saiatuko naiz, arteak eta diruak bat etortzen diren kontakizun itzel eta konplexu horien pasarte batzuk puntualki bisitatzeko modua izan dezagun. Topaketa horietan, elkarri egiten dizkioten masajeak sentsualtasun zoragarri bat eragiten dute edo, bestela, elkarren marruskadurek txinparta sutsuak, baita pornografikoak ere pizten dituzte. Peter Schjeldahl poeta eta kritikariak esan zuenez (eta ez alferrik), “artea da diruaren sexu bizitza”.
● 1. Diruaren historia berrirakurtzeko proposamena.
Billete guztiak faltsuak dira. Ekonomia ez da dirua. Diruaren lera handia dena ordezkatzea da, baina zenbait gauza zerbait faltsuarekin kontaktuan sartzean desagertu egiten dira. Lehenengo hurbilpen antropologiko batean, kultura desberdinen arabera diruaren izaera erlatiboaz konturatuko gara, baina baita kolonizazio formaz heldu den toki bakoitzean bizitzari bizkarra emateko izan den joera gero eta handiagoa. Dirua zenbait komunitate ebanjelizatutan, konkistatutan edo inbaditutan ezartzearen ondorioak ikaragarriak dira; izan ere, diruaren eta etnozentrismoaren uztarketa da identitate zeinuen suntsipen programatuaren erakusgarri onena. “Diru primitiboa”ren kontzeptua historikoki desitxuratua izan da eta, ondorioz, ezarri zaizkigun kategoria ekonomikoei buruzko dudak izan behar genituzke. Horrenbestez, ezin bestekoa da merkataritza, merkatua eta dirua bereiztea, nahiz eta gure sistema ekonomikoak gauza bera balira bezala ikusteko joera duen, ezaugarri kulturaltzat hartu beharreko makineria bateko osagaiak direlakoan.
Horrenbestez, dirua gure bizitzetan finkatzen da indarkeria izugarri batez, gure bizitzetatik bota nahi gaitu, eta Estatuaren aparatu osoa du bere alde. Ustez, Estatua guretzat zen: gizarte antolamendu bat. Aldiz, diruak bete du haren tokia: “gu” bazter uzten gaituen antolamendu ekonomikoko forma bat. Anarkismoa da aldaketa politiko eta sozialek lehendabizi diruarekin bukatu behar zutela ulertu duen borroka bide bakarra, baina bolbora eta utopia ez ohi dira bat etortzen. Ekonomizismo marxistak neoliberalismo kapitalistarekin lankidetzan amaitu zuen, eta kontsumorako gogo larriak psikoanalistarenean etzatera eraman gintuen denak, medikamendu bidezko bizitzara ez denean. Egun, ondoezak estimulu, gastu, kontsumo, betebehar eta edukitza formak hartu ditu.
Diruaren ordezko zibernetikoak (demokraziaren forma azkenduen ikono handiak), bere gorabeherek, bere birtualtasunak, hari buruzko galderek, kinka batean jartzen gaituzte, diktadurako itaunketetan bezala, beldurraren kontrol sistema bihurriaren zati bihurtuta. Orain, pantailak torturatzen gaitu goxoki. Diruaren deitoratzaileen asmo moralizatzaileak inoiz ez du entzule talde nahikorik, ez hedabideetan eta ez politikan ere, morala ere pantailan eta zuzenean salerosten baita.
Nola ulertarazi billete guztiak faltsuak direla? Proposamena: diruaren historia izan beharko litzateke larrutu beharreko lehenengo historia, bizitzaren taupada berriz aurkitu ahal izateko.
● Artearen historia diruarekin harremanean berrirakurtzeko proposamena.
Robert Hughes (1938 – 2012) arte garaikideko arte kritikari zirikatzaile eta lotsagabeenetako bat izan zen. Laurogeiko hamarkadan, bere idazkiek latz astindu zuten ekonomia zoroaren eltze berean egosten ari zen arte post-moderno jakin bat. 1984an, Hughesek “Artea eta dirua” idatzi zuen[1]. Testuak azken hiru mendeetako artearen prezioen lorratza segitzen du, eta aldaketa nabarmena sumatzen du 1967az geroztik, Times-Sotheby Art Index buletinak heltzearekin batera. Buletin horiek Londreseko Times, New York Times eta Sotheby’s enkante etxearen apustu editorial bat ziren, artearen Dow Jones moduko bat sortu nahirik. Atal hori publizitate-erreportaje bat bezala diseinatuta zegoen, eta hainbat grafiko biltzen zituen, datu sakabanatu eta subjektiboen andana bati irmotasun ekonomikoa emanez. Hughesen arabera, bildumazaletasuna promesa ekonomikoari lotuta geratu zen, eta laurogeiko hamarkadarako sendotua zen jada “heroi informatzailea”ren figura. Eragile berri hori enkante etxea, arte-merkatari bat, komisario bat, kritikari bat, kazetari bat, akademiko bat, galeria-jabe bat, museo bat edo horien guztien elkarketa izan zitekeen. Informazioaren aroan, horretan datza jokoa hain zuzen: artea edo artistak aitzakia bat baizik ez dira bitartekarien kate luze batean, eta benetan bitartekariek gehitzen diote balioa beti gorantz behar duen prezio bati.
2007an, Ben Lewis Londreseko arte kritikariak artikulu bat idatzi zuen Evening Standarderako, izenburu hau zuela: “Who Put the Con on Contemporary Art?“ (Nork ekarri zuen iruzurra arte garaikidera?). 2008an, Lewisek, BBCko “Art Safari” seriearengatik ere ezaguna, dokumental bat egin zuen arte garaikidearen merkatuaren gehiegizko inflazioari eta haren kapitalismoarekiko erlazioa zinikoari buruz: “Arte garaikidearen burbuila handia”[2]. Dokumentalean, Lewisek laurogeiko hamarkadako burbuila ekonomikoaren eta laurogeita hamarreko urteen arteko lotura bat ezartzen du. Lotura horren adierazpen espekulatibo gorena Charles Saatchi bildumazalearen estrategia ekonomikoa da. Enpresagile ingelesak YBAk sustatu zituen, alegia, Young British Artists (Damien Hirst, Tracy Emin etab.), hasieran bildumazale batek ere haien alde txakur txiki bat emango ez zuen arren. Royal Academyko “Sensation” erakusketan artista horiek aurkeztean, bildumazale ugari soka horri tiratzen hasi ziren. Lewisen dokumentalak fronte ugari irekitzen ditu artearen merkatuaren arloan: aztertzen ditu enkante etxe handien estrategiak, galeria nagusien azpijokoak, eta arautu gabeko artearen merkatuan gertatzen diren jokabide monopolistak.
Hughesen ikuspegi historiko zorrotza, mezenasgo historikoaren garrantzia aipatuz, eta hirurogeita hamarreko urteetako artea informazioaren aroan sartu izana; gero, laurogeiko urteetako merkatuaren eztanda, edota Lewisek bere dokumentalean aurkezten duen ikuspegia (tartean direla 2008an Damien Hirstek bultzatutako enkante batean berberak bitartekariei ixkin eginez harrotutako hautsak): bada, ibilbide horrek arteak merkatuko ekonomiarekin dauzkan erlazioen panoramika interesgarri bat eskaintzen digu. Makroekonomian dauzkan josturei buruzko txosten bat da, baita bere espezifikotasunari eta paradisu fiskal bihurtzeko balio dion apartekotasunari buruzkoa ere.
Hirsten apustua, hordagoa zirudien arren, baselinaren eta su artifizialen arteko nahasketa bat suertatu zen, funtsean ezer ez baita aldatu, diruak beste sakela batzuk puztea baino ez.
2013an, Francis Baconen “Three studies of Lucian Freud” [Lucian Freuden hiru estudio] triptikoa jarri zen enkantean (1969). Lan horri buruz, Robert Hughesek esan zuen zer eta «euliak harrapatzeko papera» baizik ez zela. Haren prezioa, ordea, 85 milioi dolarretara hel zitekeela kalkulatu zen (63 milioi euro); aldiz, izan ez zen azken prezioa askoz altuagoa: ia 142 milioi eta erdi dolar (105,8 milioi euro), marka berria. Artelanak bere historia dauka: bildumazale italiar batek hogei urte eman zituen aparte saldutako triptiko horren zatiak elkartu nahian. Azkenean, artelana osorik galerista batek erosi zuen identitate ezkutuko bezero baten izenean, azkenean behar unean argitu zen arte: Mayasa Bint Hamad al Thani, Qatarreko emakumezko jekea. 30 urte dituela, printzesa “artearen munduko pertsonalitate eragingarriena” izendatu du ArtReview aldizkariak.
Kontaketa hori guztia, hasi Hughesek artearen historiarekin ezartzen duen loturatik eta artearen espekulazioan egun oraindik irekitzen ari diren merkatu berri eta exotikoenetaraino, amaiera gabeko “in crescendo” bat da, beti misterio handiagoa, marka gehiago, ikuskizun ikusgarriagoak eta askoz, askoz ere diru gehiago onar dezakeen burbuila bat, leher zorian.
Hughesi kontserbadore izatea leporatu zioten, eta Lewisi sentsazionalista izatea, baina gaur denak etor gaitezke bat haien kritikarekin. Aldiz, komunikazio lan erabat beharrezkoa izanagatik, haien kontaerek artea neurririk onartzen ez duen balioa delako mitoan sakondu egiten dute. Hedabideetan hori nabarmentzean, artearen munduaren irudi jakin bat, bat bakarrik, sustatu, berrelikatzen eta babesten da. Mito hori indartuz, artearen benetako zentzua eta ahalmenak hutsaldu eta axolagabetzen dira, bere ahalmen eraldatzailea, sortzailea, askatzailea edo intsumitua. Tokiz kanpo geratzen dira artearen eta esfera publikoaren arteko lotura, eta kulturari buruzko politikak desorientatzen dira, amaitzen baitute era desberdinetan diruaren eta errentagarritasun politiko-ekonomikoaren aldeko ikuskizun bat sustatzen eta erreproduzitzen.
Billete guztiak faltsuak dira. Proposamena: artearen merkatuaren kritika batek, zentzugabekeriaren eta bere arbitraritatearen kritika batek, ondorengo puntuen azterketa bat izan behar du lagun: artearen lanaren baldintzak, artearen eremuko lan baldintzak, produkzio kultural independenterako baldintzak, tokiko edo eskualdeko ehundura artistikoari bideratutako baliabideak eta kulturari buruzko estrategia publikoak. Konparazio hori gabe, zirkunstantzia horren beharrezko azterketa kritikorik gabe, desmuntatu nahi dugun mitoa elikatu besterik ez dugu egingo.
● Ekintza proposamenak artetik eta hezkuntzatik.
Ugari dira arte merkatuaren espezifikotasunari eta haren kontraesan etengabe eta bihurriei heldu dioten proposamenak. Badira bihurrikeria intelektual bereziko atal honi buruzko azterketak, katalogazioak, baita erakusketak ere. Guztien azpian, ordea, bada artea hausnarketarako makina bihurtzeko ahalegin bat. Arteak, nolabait bere garaiaren kontzientzia izaki, ez du inoiz ahaztu dirua gai “kapitala” dela, baina inperio kapitalistak aurrera egin ahala, gero eta agerikoagoa da gai oinarrizkoa dela. Artistek txanponez eta billetez moldatutako bilduma numismatiko handi bat presta dezakegu (Lichtenstein, Warhol, Cildo Meireles, JSG Boggs, Justine Smith, Chris Burden, Dan Tague, Srdjan Loncar…), diru jokoak, transakzioak eta negozioak erregistra genitzake funtsezko gaitzat dirua hartuta, artetik proposatu izan diren bezala (Cesare Pietroiusti eta Paul Griffiths, Christodoulos Panayiotou, Mathieu Laurette, Karmelo Bermejo, Santiago Sierra…). Lan horietan guztietan, ironia, kritika, erakuste dosi handiak aurkituko genituzke, baita ausarkeria, zinismoa eta hipokresia zertxobait ere. Normala da, arteak diruari aurre egiten badio sentsibilitateak mugara eraman beste aukerarik ez dago eta, hartara, balio eskaletan zirkuitulabur bat eta gauzen prezioekin talka egitea eragin. Antonio Machadok zioen bezala, “inozo orok balioa eta prezioa nahasten du” eta, hain zuzen, zirkunstantzia horrek lilura-, zikoizkeria- edo zentzugabekeria- (eta abarreko) hotsek oihartzun egiten duten amildegi komun bati begira jartzen ditu artea eta dirua…
Izan gaitezen zintzo: artearen merkatuko arau bakarra araurik eza da. Artearen merkatuaren edozein azterketa ekonomikok mistifikaziora jotzen du, izaki sinboliko bat zehaztasunez zenbatesteko ezintasuna dela eta. Errealitatean, gauzek jendea ordaintzeko prest dagoena balio dute, eta sinbolikoa dena balioestea edo zifrak jartzen saiatzea ere arte bat izan daiteke, arte zinikoa eta iruzurtia izanik ere.
Artearen merkatua aitortu ezin diren antsietate sakonez gainezka dago, baina sentsazio horiek ez dute ezer ikusteko espekulazioarekin edo ikuskizun mediatikoak “artearen mundua” aipatzean aurkezten duen zikoizkeria eta zantarkeriarekin.
Ez litzateke erraza izango eztabaida horri lotzeko zero momentu bat aukeratzea, baina hirurogeiko hamarkada aldera sortua zen kezka intelektual bat, balioa eta prezioa bateratzeko ezintasuna ikusita. Historiaren ikuspegitik segur aski ez da lehenengo adibidea, ezta aipagarriena ere, baina Yves Kleinen proposamenak, egundaino heltzen diren dardara aberats eta interesgarriak sortu zituen.
Yves Klein artistaren ustez (1928 – 1962), bere aldi urdineko “Antropometriak” (hitzak badu bere txantxa, jakinik pintatzeko tresnak emakumeak zirela), “atzemandako momentuen marka espiritualak ziren”. Klein bere “sentikortasun piktoriko ez-materiala” ebaluatzen saiatu zen eta iritzi zion harentzako bidezko elkartrukea urre hutsa izango zela. Kleinek bere sentikortasun ez-materiala eskaini zion horrelako artikulu paregabea (ukiezina izanik ere) erosteko interesatutako edonori, urrezko ogiaren truke. Roslee Goldbergek kontatzen duenez, [3] “hainbat ‘salmenta zeremonia’” egin zituzten: bat Sena ibaiaren ertzean egin zen 1962ko otsailaren 10ean. Urrezko ogi eta ordainagiri baten bidez, artistak eta erosleak jabetza aldatzen zuten, baina “sentikortasun ez-materiala” nolakotasun espiritual bat besterik ezin zitekeenez izan, Kleinek transakzioak utzitako hondar guztiak suntsitu beharra nabarmendu zuen: urrezko ogia ibaira bota eta erosleari ordainagiria erretzeko eskatu zion. Guztira zazpi erosle izan ziren”.
Beste zenbait artistak, adibidez, Piero Manzonik, antzeko modu batean jarri zuten martxan haien lana, baina Kleinen ekintzak artearentzat produktibo ateratzen zen diru transakzio bat eragiten zuen, negozio barik zentzua sortzen baitu. Kleinek geroko ibilbidean izandako edo ez izandako koherentzia beste kontu bat da (gogora datozkigu “Monochromes dorés” [Monokromo urre-koloreak], 1959 eta 1962 artean burutuak), [4] baina ekintza hori kontuan hartu eta momentu bereziki esanguratsutzat jo beharrekoa da sorkuntza artistikoaren indarraren eta aberastasunaren sorkuntzaren indarraren arteko gatazkan, bigarren hau artearen munduan muturra sartzen ari baitzen orduan.
Abangoardia artistikoek planteatu zizkiguten horrelako aferek eztabaidagarriak izaten jarraitzen dute egun, batez ere ekintza arterako euskarri moduan eta artearen balioa ekintzaren berezko gai moduan bat egiten dutenean.
Arte irakaskuntzako etapetan komunikatzeko kontu zailenetako bat (baita aisialdi edo terapiari buruz ari garenean ere) “artea” eta “artearen merkatua” elkarrengandik bereizteko beharra edo aukera da. Planteamendu horrek hasierako momentuan paradoxa bat dirudien arren, artearen mundua era naturalean merkatu bati lotzen baitzaio, mina eremu bat planteatzen dio ekonomiatik artera (eta kontrara ere) doazen ideien isuriari. Aldiz, mina eremu bat da eta, aldi berean, sorkuntzarako soro oparo bat, planteamendu horren gorabeherak eta alterazioak arterako lehengai baitira, ikusi dugun bezala.
Dena kapital bihur daitekeen mundu batean, azokaren ideia (ARCO horren eredu) eta arte galeriaren ideia balioen merkatu batekin lotzen dira berehala eta, bertan, artistaren produktua eta artista bera sartzen dira.
Egun, artearen irakaskuntzan ezin bestekoa da artearen eta diruaren bidegurutze horiek eguneratzea, forma hartzen ari den gizarte harremanen eszenategi berri honetan, hor jokatzen baita arte eta kultura produkzioaren rola. Forma hori da lausoa, lurrazpikoa edo apar itxurakoa: arteari bere zentzua berriz aurkitzeko modua ematen dioten formak.
Gai horri erreparatzen dio John Hollowayk, “Rage against the rule of money” [Diruaren nagusikeriaren kontrako amorrua] bere testuan [5]:
“Orain, diruaren inperioaren kontrako batasunak topaguneen sorreraren forma hartzen du gero eta gehiago eta, espazio edo momentu horietan, gizarte kohesiorako bide esperimentalak oinarri desberdin batetik sortzen dira, jakinaren gainean logika desberdin bat jarraituz”.
“…etxe okupazioak, gizarte zentroak, komunitate baratzak, irrati alternatiboak, software libreko mugimenduak, jendeak «Nahikoa da! Orain jendea izango da zuzendari» dioen baserritarren altxamenduak, fabrika okupazioak, ikasleak eta irakasleak elkartzen dituzten unibertsitate ekitaldiak, zer eta geratzen zaigun galdera zientifiko bakarrari heltzeko, alegia, nola geldi dezakegu gizateriak bere burua suntsitzeko aurrerantz hartu duen ihesbidea?”.
“…eta dirua hiltzeko modu bakarra beste gizarte kohesio modu batzuk sortzea da, elkarrekin egoteko beste modu batzuk, gauzak egiteko beste modu batzuk. Hil dezagun dirua, hil dezagun lana. Hemen, orain”.
Billete guztiak faltsuak dira. Proposamena: goiko Hollowayren paragrafoak abiapuntutzat hartzea proiektu artistiko baterako, euskarri jakinik edo diziplina edo diziplinartekotasun mugarik gabe (eta noski aurrekontu mugarik gabe). Soinean daramaguna besterik ez, gogoan izanik bakarrik billete guztiak faltsuak direla.
Arturo, f. Rodríguez. 2014.
[1] Robert Hughes “Art and Money”, New Art Examiner, October & November1984.
http://www.compilerpress.ca/Competitiveness/Anno/Anno%20Hughes%20Art%20&%20Money.htm#PART%20I
[2] TVEko La 2eko La noche temática programak izenburu hau zuen atal bat eman zuen: “El arte de especular en 2009” [Espekulatzeko artea 2009an]
[3] Performance Art, Roslee Goldberg. Ediciones Destino (Thames and Hudson) 1979, lehenengo argitaraldia. 1988 gaztelaniazko argitalpenerako.
[4] Koadro horietako batzuk goian aipatutako Ben Lewisen dokumentalean agertzen diren Sotheby’s-eko enkanteei buruzko irudi laster batzuetan ikusi daitezke.
[5] John Holloway, “Rabia contra el imperio del dinero”. Marina Garcesek itzuli eta El impasse de lo políticon argitaratutako testua, Espai en Blancen argitalpeneko 9, 10, 11 zenbakiak. Ediciones Bellaterra 2011. Testua hemendik jaits daiteke pdf formatuan:
Haz clic para acceder a 17_rabiacontraelimperiodeldinero.pdf